Energia elektrikoa hornitzeko kontratuaren baldintza orokorrak.
Energia elektrikoa hornitzeko kontratuaren baldintza orokorrak
1. KONTRATUAREN XEDEA
1.1. Kontratu honen xedea da Energía Colectiva S.L.k (aurrerantzean PEPEENERGY edo MERKATURATZAILEA; IFZa: B.98.670.003; helbidea: Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia, eta helbide elektronikoa [email protected]) argindarra hornitzea BEZEROAREN instalazioetan dagoen sareko konexio- edo entrega-puntuan, Baldintza Partikularretan adierazten eta potentziarekin eta tarifarekin.
1.2. Kontratu hau pertsonala da, eta, horregatik, BEZEROAREN kontsumorako erabili behar da hornitutako energia baldintza partikularretan zehaztutako entrega-puntuan, eta BEZEROAK ezin izango dio beste inori laga edo saldu, ezta beste leku batean edo baldintza partikularretan ezarritakoez bestelako helburuetarako erabili ere. Betebehar hori ez betetzea kontratu hau suntsiarazteko arrazoitzat hartu ahal izango da.
1.3. MERKATURATZAILEA ingurumenarekin konprometiturik dago, eta, horregatik, ziurtagiri berdeen bermea du: iturri % 100 berriztagarrietatik eskuraturiko energia hornitzen du. MERKATURATZAILEAK bermatzen du ziurtatutako energia berdea soilik merkaturatzen duela, hau da, jatorri berriztagarriko elektrizitatea ekoizten duten instalazioetatik datorrena, eta bermatzen du, orobat, BEZEROAREN kontsumo elektrikoaren adinako kantitatean hornituko duela. Jatorri berriztagarriko elektrizitatea ekoizteko instalazioetan, energia-iturri natural eta birtualki agortezinak baliatzen dira energia lortzeko. MERKATURATZAILEAK elektrizitatea ziurtatzeko erabiltzen duen prozedura formalari dagokionez, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak jatorria bermatzeko ziurtagiriak baliatzen dira.
2. BEZERO-ARRETA
2.1. MERKATURATZAILEA hainbat bitartekoren bidez jarriko da harremanetan BEZEROAREKIN, hala nola posta elektronikoz, testu-mezuen bidez (SMS), aplikazioen barruko jakinarazpenetatik, mezu edo komunikazioak webgunean argitaratuz edo MERKATURATZAILEAREN beste edozein informazio-zerbitzuren bidez.
2.2. Kontratu hau sinatzen duten aldeen arteko komunikazioa errazteko, aldeok konpromisoa hartzen dute kontratazio-eskabidean jakinarazitako telefono mugikorraren, faxaren, helbide elektronikoaren eta posta-helbidearen zenbakiei eusteko, eta adierazten dute 14 eguneko epean jakinaraziko dizkiotela beste aldeari komunikazio-bideotan eginiko aldaketak, bide fede-emaileak baliatuz.
2.3. Baldintza orokor hauen eta baldintza partikularren kopia bat eskuragarri egongo da beti webguneko bezeroen gunean (https://www.pepeenergy.com), eta BEZEROARENTZAKO sarbide pertsonalizatutik eskuratu ahal izango da.
2.4. MERKATURATZAILEAK telefono bidezko arreta-zerbitzu iraunkorra izango du doan 900622800 zenbakian. BEZEROAK eskura izango du zerbitzu hori, hornidurarekin edo kontratu honekin zerikusia duen edozein gorabehera argitzeko. Horrez gain, MERKATURATZAILEAK BEZEROAREN eskura jarriko ditu komunikazio elektronikoko bitartekoak ([email protected]), Baldintza Partikularretan agertzen den helbideko posta-komunikazioa, eta zuzenean bere bezero-eremutik, bezeroak behar dituen kasuetarako.
3. BANAKETA-SARERAKO SARBIDEA ETA BEZEROAREN BAIMENAK
3.1. BEZEROAK baimena eta ahalmena ematen dio MERKATURATZAILEARI, kontratu honen indarraldian, bere izenean eta bera ordezkatuz sina dezan dagokion konpainia banatzailearekin sarera sarbidea izateko kontratua, eta Kontratu hau aurrera ateratzeko egin beharreko izapide guztiak egin ditzan energia merkaturatzen duten beste enpresa batzuen aurrean, eta, bereziki, aldez aurretik haiekin hitzartuta dituen hornidura-kontratuak baliogabetu ditzan eta enpresa horiek energia-horniduraren eta haiek ordaintzeko banku-helbideratzearen inguruan izan ditzaketen BEZEROAREN datuak lor ditzaten haien erregistroetatik.
3.2. BEZEROAK konpromisoa hartzen du, kontratu hau indarrean dagoen bitartean, ez duela suntsiaraziko sarera konektatzeko kontratua, MERKATURATZAILEAK BEZEROAREN izenean eta dagokion banatzailearekin sinaturikoa. Betebehar hori ez betetzeak kontratu hau suntsiarazteko eskubidea emango dio MERKATURATZAILEARI.
4. INDARREAN JARTZEA, IRAUPENA ETA LUZAPENA
4.1. BEZEROAK baldintzak onartzen dituen unean sartuko da indarrean kontratu hau, eta hasiera batean urtebeteko (1) iraupena izango du BEZEROARI elektrizitatea hornitzen hasten zaionetik, banaketa-sareko horniketa aktibatuta dagoenetik, eta neurketako ekipamenduak indarrean den araudiaren araberako eskakizunak betetzen dituenetik kontatzen hasita.
4.2. Hasierako iraupen-epea amaitzean, automatikoki luzatuko da kontratu hau urtebeteko (1) aldi gehigarrietan, eta baldintza orokor eta partikular berak aplikatuko dira, aldeetako edozeinek kontrako itun fede-emailerik egin ezean. Alderdietako batek ere ez badio jakinarazten beste aldeari kontratua suntsiarazi nahi duela –idatziz eta kontratu honetan aurreikusitako komunikazio fede-emaileen bidez eta 15 egun lehenago–, beste urtebetez luzatuko da kontratu hau. Horretarako, BEZEROARI bidalitako faktura bakoitzean adieraziko da kontratuaren amaiera-data, luzapena saihesteko aukera izan dezan, hori nahi izanez gero.
4.3. MERKATURATUTZAILEAK baldintzatuko du Kontratua indarrean sartzea, zeinak uko egin ahalko baitio sinatzeari baldin eta ez badator bat BEZEROAK emandako datuekin, ez badira zuzenak eta ez badira zuzentzen MERKATURATZAILEAK eskatuta, aldez aurretik MERKATURATZAILEAREKIN edo beste enpresa hornitzaileren batekin zorrak baldin baditu, BEZEROAREN kaudimenaren balorazioaren ondorioz, edo diruzko betebeharrak ez betetzeari buruzko fitxategietan agertzen bada. Banatzaileak azkenean ukatu egiten badu sarbidea MERKATURATZAILEAREKIN zerikusirik ez duten arrazoiengatik, kontratu hau ez da indarrean sartuko, eta bi aldeetako batek ere ez du izango eskubiderik kalte-ordainak jasotzeko.
4.4. Bezeroak hornidura helbideari dagokion katastro-erreferentzia lortzeko baimena ematen dio SALTZAILEari, Katastroko Zuzendaritza Nagusiaren web-zerbitzuan emandako datuekin bilaketa bat eginez, Legegintzako Errege Dekretuaren 38. artikulua betetzeko. 1/2004, martxoaren 5ekoa, Ondasun Higiezinen Katastroaren Legearen testua onartzen duena. Lortutako katastro-erreferentzia bezeroari jakinaraziko zaio, eta horrek baliozkotasuna berretsi beharko du; Bestela, erreferentzia katastral zuzena jakinarazi beharko da. Bilaketaren bidez katastro-erreferentziarik lortu ezin bada, bezeroari jakinaraziko zaio informazio hori eman dezan.
5. NEURTZEKO ETA KONTROLATZEKO EKIPAMENDUA
5.1. BEZEROAK konpromisoa hartzen du neurketa- eta kontrol-ekipamendua ez manipulatzeko, eta MERKATURATZAILEA jakinaren gainean jartzeko, detektatuz gero neurketa- eta kontrol-ekipamendua gaizki edo gorabeherekin ari dela funtzionatzen.
5.2. BEZEROAK neurketa-ekipamendu egokia izango du hornikuntza-puntuan («neurgailua»), jabetzan zein alokairuan. Ekipamendu horrek legez ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu, eta BEZEROAK izango du hura zaintzeko eta indarreko legeriak ezarritako gainerako betebeharrak betetzeko ardura. Elektrizitate-kontagailuaren hileko alokairuaren prezioa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak edo dagokion sarbide-tarifaren eskumena duen erakundeak finkatuko dute araudiari jarraikiz, eta enpresa Banatzaileak kobratuko du; prezio horri BEZa edo aplikatu beharreko zeharkako zerga gehituko zaio, eta BEZEROARI bidaltzen zaizkion fakturetan adieraziko da.
5.3. BEZEROAK bermatuko du MERKATURATZAILEA eta dagokion enpresa banatzailea sartu ahalko direla neurketa- eta kontrol-ekipamendura, instalazioa, ikuskapena, irakurketa, mantentze-lanak, egiaztapena eta kontrola egite aldera; halaber, bermatuko dio sarbidea hornidura-kontratua gauzatzeko eta indarrean dagoen araudia betetzeko beharrezkoak diren beste jarduera batzuetarako ere.
5.4. Enpresa banatzaileak egingo du instalazioen eta neurketa-ekipamenduen konexioa, bai eta egiazko irakurketak ere, legez ezarritako epe eta baldintzetan.
6. HORNIDURAREN KALITATEA
6.1. Hornikuntzaren kalitate- eta erabilgarritasun-kondizioak konpainia Banatzailearen ardura dira, eta une oro indarrean den araudian zehazten denera doituko dira, horniduraren jarraitutasunari eta hornitutako produktuaren kalitateari dagokienez. Zehazki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 101 eta 110 bitarteko artikuluetan argindarraren hornidurarako ezartzen direnetara, edo une bakoitzean aplikatu beharreko araudian ezartzen direnetara. MERKATURATZAILEA arduratuko da araudian Banatzaileari banaketa-sarearen funtzionamenduaren eta mantentze-lanen arduradun gisa ezartzen zaizkion betebeharrak bete ditzan.
6.2. BEZEROAK kontsumitu ahal izango dituen gehieneko potentziak gai horri buruz indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira. BEZEROAK kontratatuko ditu horniduraren xede diren tentsio nominala eta potentziak, eta baldintza partikularretan finkatuko da kontratatutako potentzia.
6.3. MERKATURATZAILEA behartuta dago banatzailearen aurrean izapidetzera eta BEZEROARI helaraztera banatzaileak aplikatuko dituen hobariak, deskontuak eta/edo sareko gorabeherengatiko kalte-ordainak, guztia ere une bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera.
7. TARIFAK ETA PREZIOA
7.1. Baldin eta Baldintza Berezietan ez bada besterik zehazten, eta BEZEROAK hautatutako tarifaren arabera, Prezioan hauek sartuko dira:
-KONTRATATUTAKO POTENTZIAREN TERMINOA: Zenbatekoa kalkulatzeko, kontratatutako potentzia (kW) bider une bakoitzean indarrean dauden bidesarien eta karguen koefizientea egiten da.
- KONTSUMITUTAKO ENERGIAREN TERMINOA: Honela kalkulatzen da: BEZEROAK kontsumitutako energia (kWh) bider une bakoitzean indarrean dauden bidesari eta karguen eta energiaren une bakoitzeko prezioaren batura, baldintza partikularretan xedatutakoari jarraikiz.
Bidesariak eta karguak aldizka eguneratzen dituzte Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) —urtarrilaren 15eko 3/2020 zirkularra, elektrizitatearen garraioaren eta banaketaren bidesariak kalkulatzeko metodologia ezartzen duena, oinarri hartuta— eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak — martxoaren 9ko 148/2021 errege-dekretua, sistema elektrikoaren karguak kalkulatzeko metodologiari buruzkoa, oinarri hartuta—.
ARAUTUTAKO BESTE KONTZEPTU BATZUK:
- Hala badagokio, kontagailuaren, neurtzeko ekipamenduen, kontrol-elementuen eta elektrizitatea neurtzeko beste osagai batzuen (transformadoreak, potentzia kontrolatzeko etengailuak, etab.) alokairua; enpresa banatzaileari dagozkio zenbateko horiek.
- Kontratatutako tarifaren arabera, gizarte-bonuaren finantzaketaren kostua, Baldintza Partikularrekin bat etorriz.
- Araudiaren arabera araututako gainerako kontzeptuak, zeinak enpresa Banatzaileak zehazten baititu; BEZEROAK ordaindu beharko ditu, marjina gehigarririk gabe.
ZERGA APLIKAGARRIAK, LEGEZ ESKA DAITEZKEENAK:
- Elektrizitatearen Gaineko Zerga Berezia (EGZB): Kontsumorako energia elektrikoaren hornidura zergapetzen du, une bakoitzean indarrean den legediaren arabera.
- Zeharkako zergak: Zeharkako zerga aplikagarriak (BEZa, IGICa eta IPSIa): Prezio horiei une bakoitzean indarrean dauden zeharkako zergak aplikatuko zaizkie, indarrean dagoen araudiaren arabera. Zerga-tasa, zeina fakturan zehaztu eta xehatuko baita, une bakoitzean aplikatu beharrekoa izango da. BEZa, IGICa eta IPSIa zeharkako zerga aplikagarriak dira, hornidura-puntua dagoen lurraldearen arabera.
7.2. Gainera, BEZEROAREN kontura izango dira gehiegizko potentzia edo energia erreaktiboagatiko errekarguak, zeinak fakturan sartuko baititu MERKATURATZAILEAK. MERKATURATZAILEAK garaiz eta egokiro jakinarazi beharko dio BEZEROARI sarean sartzeko tarifen prezioa handitzen edo murrizten den bakoitzean, bai eta helburu zehatzetarako eta tributuetarako kuotetan izaniko igoera oro ere, eta BEZEROARI jasanaraziko dio zuzenean fakturan. Enpresa banatzaileak aplikatutako hobariak eta itzulketak ere zuzenean jasanaraziko zaizkio BEZEROARI.
7.3. Hargune-eskubideak eta beste banaketa-kostu batzuk: Fakturan sartuko dira eta BEZEROAK ordainduko ditu hornidura berriari erantzuteko edo lehendik dagoena aldatzeko beharrezkoak diren lotura-, luzapen-, birkonexio-, egiaztapen- edo hargune-lanek eragindako gastuak, eta egokitu egingo dira indarrean dauden eta enpresa banatzaileak edo horretarako gaitutako instalatzaileak gauzatu behar dituen preskripzio teknikoetara. BEZEROAK bere gain hartuko ditu, halaber, banatzaileak hornidura-puntuan egindako jardueretatik eratorritako eta MERKATURATZAILEARI fakturaturiko gastu guztiak kontratuak irauten duen bitartean, baldin eta enpresa banatzaileak egiten baditu, dela BEZEROAK eskatuta, dela indarrean den araudiak eskatuta, betiere eskagarriak eta BEZEROARI jasanaraztekoak badira jarduera horietarako. MERKATURATZAILEAK jaulkitako fakturetan jakinaraziko ditu gastu horiek, jakinik MERKATURATZAILEAK banatzaileari ordaintzekoak direla.
7.4. Demandari ordainaraz dakiokeen eta hornidura elektrikoari lotzen zaion edozein kostu berri sortzea edo aldatzea, Sistemaren Operadorearen (SO) eta Merkatuko Operadorearen (MO) ordainsariaren finantzaketa barne dela, Kontratuko prezioetara igaro ahal izango, eta ez da joko kontratuko baldintzen aldaketatzat. Zehazki, hornidura elektrikoari lotutako kostutzat joko dira etengabetasun-zerbitzuaren finantziazioari eta erabilgarritasun-zerbitzuaren ordainketaren finantziazioari dagozkion ordainketak, aplikatu beharreko araudian zehazten denez.
7.5. Halaber, Baldintza Berezietan hitzartutako Kontratuaren prezioan ez dira sartzen Hornidura Puntuan edo hartatik aurrera elektrizitate-hornidurarekin erlazionatuta gertatzen diren gainerako zenbateko edo gastuak eta, aplikatu beharreko legedia betez, MERKATURATZAILEAK energia elektrikoaren hornidurari dagokionez edo enpresa merkaturatzaile gisa ordaindu beharreko zenbateko guztiak BEZEROAREN konturakoak izango dira modu gehigarrian, eta ez dira joko adostutako baldintza ekonomikoen aldaketa gisa.
7.6. Baldin eta Kontratu honek indarrean dirauen artean elektrizitateari aplikatu beharreko karga edo zergaren bat edo produktu energetiko horien beste fiskalitateren bat sartzen bada indarrean, edo gaur egun indarrean daudenak igotzen badira, Baldintza Berezietan jasotzen diren prezioak aldaketa horien arabera igoko lirateke. Horren ondorioz, Kontratuko prezioez gainera, bezeroak MERKATURATZAILEARI ordainduko dizkio, hala badagokio, jasan behar dituen edo zerga berezi gisa ordainarazi behar zaizkion edo beste produktu energetikoen gaineko edozein zerga-kontzeptutan eta Kontratu honen xede den elektrizitateari dagozkion gainerako kargen kantitateak. Horretarako, MERKATURATZAILEAK igortzen duen fakturazioan barne hartuko dira BEZEROAK kontzeptu horiengatik ordaindu behar dituen kantitateak. BEZEROAK zenbateko horiek ordaintzeko duen beharrak erabateko likidaziora arte iraungo du, Kontratu honen iraupen-epea bukatu bada edota edozein modutan bukarazten bada ere.
7.7. MERKATURATZAILEAK BEZEROARI ordainaraziko dizkio enpresa BANATZAILEAK erreklamatzen dituen zenbatekoak, eta osorik pasatuko zaizkio BEZEROARI, indarreko araudiaren arabera. MERKATURATZAILEAK BEZEROARI ordainaraziko dizkio enpresa Banatzaileak BEZEROAREN hornidura-puntuari dagozkion ikuskatze-akten emaitzen edo birfakturazioen ondorioz erreklamatzen dituen zenbatekoak.
7.8. Prezio horiek adostutako aldian egongo dira indarrean, baina automatikoki jasanaraziko zaizkie administrazioak onar ditzakeen sarbide-tarifa eta -bidesarien, kanonen eta gainerako kontzeptu arautuen goranzko edo beheranzko aldaketak, zeinak kontratuaren indarraldian aplikatuko baitira, indarrean den araudiak dioenari jarraikiz. Aldaketa horiek ez dira hartuko kontratu honetako kontratu-baldintzen aldaketatzat.
8. FAKTURAZIOA ETA ORDAINTZEKO MODUA
8.1. Banatzaileak egingo du faktura jaulkitzeko erabiliko den oinarrizko kontsumoen irakurketa, hura baita eginkizun horretarako legezko arduraduna. Banatzaileak emandako kontsumo-irakurketaren arabera fakturatuko du MERKATURATZAILEAK, eta, halakorik ez badu, BEZEROAK emandakoarekin. Baldin eta kontsumo-irakurketak ez badira lortzen aurreikusitako fakturazio-epea bukatu baino lehen, BEZEROAK MERKATURATZAILEARI baimena ematen dio aurreko aldietako neurketan oinarrituta zenbatesten den kontsumoaren arabera fakturatzeko, edo, halakorik ez badago, eskura dauden historia eta/edo datu onenen arabera zenbatetsita; geroago erregularizatuko da, konpainia Banatzaileak ematen dituen kontsumo errealen arabera.
8.2. Kontsumoa hilero fakturatuko da, amaitutako hilabete naturalean. MERKATURATZAILEAK hilabete bakoitza amaitu ondorengo hamabost (15) egunen barruan fakturatuko du, salbu eta ez badago banatzaileak emandako neurketa baliozkorik, kontsumoa behar bezala zenbatetsi ez bada edo gorabeherak, desadostasunak edo erreklamazioak badaude aribidean. Epealdi horretan izandako kontsumo guztiak jasoko ditu, edo, kasuaren arabera, edozein arrazoirengatik kontratua amaitu artekoak, baita atzera egiteagatik edo suntsiarazteagatik amaitutako kontratuen kasuan ere. Kontratuari baja emanez gero, banatzaileak MERKATURATZAILEARI zerbitzuaren amaiera-data gisa jakinarazitako data hartuko da kontuan. Une horretan irakurriko du banatzaileak erabiltzailearen hornidura-puntuaren kontagailua eta orduan izango da merkaturatzailea aldatzeko aukera.
8.3. MERKATURATZAILEAK jaulkitako fakturan legez eska daitezkeen kontzeptu guztiak zehaztuko dira, eta bereizita emango dira elektrizitatearen prezioa eta fakturatutako beste edozein kontzeptu. Orobat, hornitutako energiaren jatorriari, energia-iturrien ingurumen-inpaktuei eta horien artean erabilitako proportzioari buruzko informazioa emango dio BEZEROARI. Banatzaileak egingo du faktura jaulkitzeko erabiliko den oinarrizko kontsumoen irakurketa, hura baita eginkizun horretarako legezko arduraduna.
8.4. Fakturen ordainketa BEZEROAK Baldintza Berezietan horretarako esleitzen duen konturako banku-helbideratzearen bidez egingo da. BEZEROAK baimena ematen du faktura bakoitza igortzen den egunaren hurrengoan ordaintzeko, edo, bestela, esleitutako banku-erakundeak BEZEROAREN kontuan kargatu beharreko zenbatekoaren komunikazioa jasotzen duen datan. MERKATURATZAILEAK ahalmena du faktura baten ordainketa zatitzeko, BEZEROARENTZAKO inolako kargurik gabe, gehienez ere hileko kuotatan. Hori BEZEROARI jakinaraziko dio, eta hark erabaki ahal izango du zerbitzua erabili nahi duen edo ez, eta MERKATURATZAILEARI jakinaraziko dio.
8.5. BEZEROAK fakturen ordainketaren banku-helbideratzea aldatu ahal izango du, MERKATURATZAILEARI idatziz jakinarazita edo bere bezero-eremuaren bidez; faktura jaulki baino 21 egun natural lehenago egin beharko du jakinarazpen hori gutxienez, banku-erakundearekin datuak aldatzeko eta kontu berrian kargatu ahal izateko.
8.6. Espainiako Bankuak argitaratutako diruaren legezko interesaren tasa aplikatuko zaie, automatikoki eta inolako errekerimendurik egin gabe, MERKATURATZAILEARI egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik aurreikusitako egunetan ordaindu ez diren fakturatutako zenbatekoei, hasi mugaegunetik eta erabat ordaindu arte.
8.7. Hornikuntzaren faktura MERKATURATZAILEARI egotz dakizkiokeen arrazoiengatik itzultzen bada, hark bere gain hartuko ditu fakturari dagozkion gastu guztiak.
Zordunketa- edo kreditu-txartel bidez pagatuko da ordaindu gabeko fakturei eta banku-helbideratze bidezko kobrantzen itzulketei dagokien zenbatekoa, edo zenbateko hori BEZEROAREN eskura ipinitako saltokiko terminal birtualaren bidez ordainduta edo MERKATURATZAILEAK adierazitako kontuan sartuta edo kontu horretara banku-transferentzia eginda –azken bi kasuotan, nahitaez adierazi beharko dira horniduraren kontratu-zenbakia eta faktura-zenbaki zuzena, ordainketa-bide hori eraginkorra izan dadin eta konpainiak egokiro identifikatu eta erregistratu dezan–.
8.8. BEZEROARI berariaz jakinarazten zaio zorra adierazitako epean ordaindu ezean MERKATURATZAILEAK diru-betebeharrak betetzen ez dituztenen fitxategi batera helarazi ahalko dituela bete gabeko ordainketarekin loturiko datuak, betiere erabat errespetatuz kontsumitzailea babesteko aplikatu beharreko araudia, erregistro horretan sartzeko baldintzei dagokienez.
Era berean, BEZEROAK onartzen du fakturak elektronikoki jasotzea, zeinak MERKATURATZAILEAREN bezeroen eremuan kontsultatu eta deskargatu ahal izango baitira. Hala ere, BEZEROAK eska dezake fakturak inprimaturik jasotzea; horretarako, noiznahi jar daiteke harremanetan gurekin, doan, posta elektronikoz, telefonoz edo MERKATURATZAILEAREN bulegoetan bertan.
9. KONTRATUA LAGATZEA
9.1. BEZEROAK, ordainketak egunean baditu, beste kontsumitzaile bati eskualdatu ahal izango dizkio kontratu honetan dituen posizioak (eskubideak eta betebeharrak), baldintza partikularretan identifikatutako kontsumo-puntu bererako eta baldintza berberetan. Horretarako, aldez aurretik, BEZEROAK eta lagapen-hartzaileak titulartasuna aldatzeko eskaera aurkeztuko diote batera MERKATURATZAILEARI, biek behar bezala sinatuta. Eskaera horretan jasoko dira, hain justu, lagapen-hartzailearen datu pertsonalak, helbidea, IFKa eta banku-helbideratzearen datuak. Onartu ondoren, MERKATURATZAILEAK banatzailearen aurrean kudeatuko du aldaketa, eta sarean sartzeko kontratua erregularizatu beharko da eskualdatzeak indarra hartzeko.
9.2. MERKATURATZAILEAK noiznahi laga ahal izango dizkio posizioak (eskubideak eta betebeharrak) kontratu honetan MERKATURATZAILEAREN taldeko edozein sozietate filiali, betiere lagapen-hartzaile horrek aipatutako baldintzaren bat betetzen badu lagapenaren unean, kontratuaren xede den zerbitzua emateko legez gaituta badago eta MERKATURATZAILEAK adinako kaudimen-maila badu.
10. ERANTZUKIZUNA
10.1. Kontratu hau betetzen ez den kasuetan izan ezik, eta unean-unean indarrean dagoen araudiak kasu bakoitzean ezartzen duenaren mende egonik, aldeetako bat ere ez da izango bestearen erantzule, kontratu hau ez betetzeak eragindako zeharkako edozein kalte edo lortu gabeko irabaziren aurrean.
Bi aldeetako bat ere ez da izango zuzenean egotzi ezin zaizkion kalte-galeren erantzule bestearen aurrean. Ondorio horietarako, MERKATURATZAILEA ez da izango erantzule hornidura eteteagatik, zuzenean MERKATURATZAILEARI egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik edo sistema elektrikoaren barruko beste subjektu batzuen jarduketei egotzi ezin zaizkien kausengatik. MERKATURATZAILEAK ez du erantzungo energiaren kalitatean eta zerbitzuaren jarraitutasunean dauden gabezien aurrean, salbu eta zuzenean eratorria bada MERKATURATZAILEAREN jardueratik. BEZEROAK sarearen titularrari, garraiolariari eta/edo energia entregatzeaz arduratzen den banatzaileari eskatu ahal izango dizkio kontuak, baina horrek ez du esan nahi MERKATURATZAILEAK beharrezko lankidetza eta informazioa emango ez duenik.
10.2. Aldeetako bat ere ez da hartuko erantzuletzat kontratu honen ondoriozko betebeharrak ez betetzeagatik, baldin eta ez-betetze hori ezinbesteko kausa baten ondorio bada, batez ere hornikuntza-gunera helaraztea ezinezkoa denean, MERKATURATZAILEAREKIN zerikusirik ez duten arrazoiak direla eta. Kontratu honen ondorioetarako, ezinbesteko kausatzat joko da edozein alderdiren kontroletik kanpo dagoen zernahi egintza, inguruabar edo kausa, nahiz eta ukitutako alderdiak behar bezalako arretarekin jardun, aurreikusi ezinezkoa izan, edo aurreikusgarria, saihestezina, jasangaitza edo alderdien borondatearekiko independentea izan.
10.3. Ezinbesteko kasuek eragindako alderdiak berehala jakinaraziko dio besteari, eta zehatz-mehatz deskribatuko dizkio alegatutako ezinbesteko kausa eta aurreikusitako iraupena. Ezinbesteko kasua amaitu ondoren, alderdiek kontratua garatzen jarraitzeko denbora-tartea eta neurri egokiak adostuko dituzte.
11. ALDAKETA
11.1. MERKATURATZAILEAK kontratu honen baldintzak aldatu ahal izango ditu. Aldaketa horiek egin eta gutxienez hamalau (14) egun naturaleko epean jarriko dira indarrean. MERKATURATZAILEAK gutxienez aplikatu baino hilabete lehenago jakinarazi beharko dio BEZEROARI aurreikusitako baldintzetatik eratortzen den edozein prezio-berrikusteren berri. Nolanahi ere, BEZEROAK Kontratua deuseztatu ahal izango du, penalizaziorik edo kosturik gabe, aldaketa indarrean sartu aurretik, edozein unetan. Kontrakorik adierazi ezean, ulertuko da BEZEROAK aldaketa indarrean jartzen den egunean onartzen dituela baldintzak.
11.2. Enpresa Banatzaileari dagokio hirugarrenek sarerako duten sarbidearekin erlazionatutako edozein alderdi edo parametro teknikoren aldaketa zehaztea (besteak beste, potentzia kontratatua, tentsioa eta abar), eta enpresa Banatzailearen emakidak baldintzatuko du; ematen den egunetik aurrera izango du eragina, eta Kontratuko baldintza ekonomikoetan ezarritako prezioak aldatzea eragingo du. Instalazioa indarreko legediaren araberakoa izateko egin beharreko aldaketa teknikoak BEZEROAREN kontura egingo dira.
11.3. Kontratua gauzatzen den data kontuan hartu gabe, Baldintza Berezietan jasotzen diren prezioak urtarrilaren 1ean, urtero, areagotuko dira data horretan argitaratutako azken hamabi hilabeteetako Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) edo hura ordezten duen indizearen aldaketaren ehunekoan, betiere MERKATURATZAILEAK ez badu erabakitzen KPIaren aldaketagatiko prezioen berrikuspena hurrengo luzapenera edo urtarrilaren 1era atzeratzea.
12. ETETEA
12.1 Hornidura eteten bada, MERKATURATZAILEA BEZEROAREN izenean eta haren interesaren alde arituko da banatzailearen aurrean, hornidura lehenbailehen berrezartzeko eskatzeko, hargatik eragotzi gabe BEZEROA zonako banatzailearekin harremanetan jartzeko aukera, banatzailea baita arazo teknikoen arduraduna eta sareko akatsen ondoriozko hornidura berrezartzeko gai den bakarra. Banatzaileak BEZEROAREN eskura egon behar du, urtean 365 egunetan 24 orduz, eta telefono-zenbakia adierazi beharko du fakturan.
12.2. Indarrean dagoen araudiak zehaztuko ditu ohiko etxebizitzan 10 kW-eko edo gutxiagoko potentzia kontratatuta daukaten pertsona fisikoen hornidura eteteko prozedura eta epeak.
12.3. MERKATURATZAILEAREN beste zernahi eskubideren kalterik gabe, aurreko atalean sarturik ez dagoen BEZEROAK ez baditu betetzen eska dakizkiokeen ordainketak mugaeguna iristean, MERKATURATZAILEAK eten ahal izango du energia elektrikoaren hornidura, eta, hala badagokio, kontratua suntsiarazi ere bai, indarrean dagoen araudiari jarraikiz. Horretarako, MERKATURATZAILEAK modu frogagarrian igorriko du ordainketa-errekerimendua. Errekerimendua edozein bitartekoren bidez egingo da, betiere egiaztatzeko moduan geratzen bada interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela eta jasota baldin badauzka data, identitatea eta edukia. Errekerimendu horretan, adieraziko da zer egunetan amaitzen den ordaindu gabeko fakturaren borondatezko ordainketa-epea, zeina 10 egun naturalekoa izango baita, dokumentua jasotzen denetik edo jakinarazpena egiten saiatu denetik kontatzen hasita. Epe hori igaro ondoren, eten egingo da hornidura, BEZEROAK ez badu kitatu zorra.
12.4. Hornidura eten ondoren, zor diren zenbatekoak ordaindu eta gehienez ere biharamunean ipiniko da atzera. Horretarako, BEZEROAK ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordaindu izanaren agiria helaraziko du, dagokion erreferentziarekin, dela posta elektronikoz, dela zuzenbidean onartutako edozein bide erabiliz.
12.5. MERKATURATZAILEAK enpresa banatzaileari hornidura eteteko agintzeko eskubidea baliatzeak ez du salbuesten BEZEROA ordaintzeke dagoen fakturazioaren zenbatekoa ordaintzeko betebeharrik. MERKATURATZAILEAK ez ditu gauzatuko hornikuntzari berrekiteko beharrezko jarduerak harik eta BEZEROAK zor dituen ordainketa guztiak jaso arte, eta hurrengo ordainagirian sartuko dira hornidura etetearen eta balizko birjartzearen ondorioz sortutako gastu guztiak; orobat, hurrengo ordainagirian jasanaraziko dira enpresa banatzaileak eskatzen dituen etete- eta birkonexio-eskubideei lotutako kostuak ere.
12.6. Enpresa banatzaileak baja eman diezaioke sarean sartzeko kontratuari (baja administratiboa), eta neurgailua kendu, baldin eta hornidura bat 60 egunez baino gehiagoz deskonektatuta badago ez ordaintzeagatik. Baja administratiboz eteniko hornidura bat berraktibatzen bada, alta erabat berritzat hartuko da, BEZEROAK ordaindu beharreko instalazio-ziurtagiri berri bat lortzeari lotutako legezko eta indarreko kostu eta eskakizunekin.
12.7. Halaber, arrazoi hauengatik ere eten ahal izango da hornidura:
a) Alderdietako bati ere egotzi ezin zaizkion ezinbesteko kausengatik, indarrean den araudiaren arabera.
b) Pertsonen edo ondasunen segurtasun- edo arrisku-arrazoiengatik, edo hornidura-gunea mantentzeko, konpontzeko edo handitzeko lanak egiteagatik. Konpainia banatzaileak hornidura elektrikoa eten beharragatik, sarean programatutako lanak egin ahal izateko; halako kasuetan, 48 ordu lehenago jakinaraziko die erabiltzaileei. Horretarako, iragarki-kartelak ipiniko dira ikusteko moduko tokietan.
c) Oro har, indarrean dagoen sektore elektrikoaren araudian aurreikusitako kasuetan, eta, bereziki, araudi horrek BEZEROARI zerbitzuaren erabiltzaile gisa ezartzen dion edozein betebehar ez betetzean, BEZEROAREN instalazioak behar bezala ez kontserbatzeagatik, baldin eta horrek arriskuan ipintzen badu pertsonen edo ondasunen segurtasuna, edo BEZEROAK behar ez bezala manipulatzen dituenean ekipamenduak edo instalazioak.
d) Banatzaileak ezin duenean instalatu potentzia kontrolatzeko ekipamendua.
13. EBAZPENA
13.1. Kontratua alderdietako edozeinek eskatuta suntsiarazi ahal izango da, klausula honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, gutxienez hamalau (14) egun lehenago modu fede-emailean jakinarazita, idatziz edo posta elektronikoz; halaber, bi aldeak ados jarrita eta indarrean dagoen araudiak aurreikusitako kasuetan ere suntsiarazi ahalko da. Horrek guztiak ez ditu eragotziko ordaintzeke dauden betebehar ekonomikoak edo indarrean dagoen tarifa-araudia aplikatzeak sorturikoak. Kontratua suntsiarazteko, ezinbestekoa izango da enpresa banatzaileak baja ematea sarean sartzeko kontratuari, MERKATURATZAILEAK horretarako eskaera egin ondoren.
13.2. Era berean, arrazoi hauengatik ere suntsiarazi ahalko da:
a) BEZEROAK faktura bat ez ordaintzea bidezko arrazoirik gabe, aldez aurretik ordainketa egiteko eskatu ondotik, MERKATURATZAILEAK kontratua suntsiaraziko duela jakinarazi ondoren BEZEROARI berari.
Kasu horretan, MERKATURATZAILEAK baja eman ahal izango dio merkataritza-kontratuari eta/edo sarean sartzeko kontratuari, betiere suntsiarazteko unean indarrean dagoen araudia errespetatuz. Hori guztia, ordaintzeke dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidearen kalterik gabe. Ohiko etxebizitzan 10 kW-eko edo gutxiagoko potentzia kontratatuta daukaten pertsona fisikoen kasuan, MERKATURATZAILEAK suntsiaraz dezake kontratua ez ordaintzeagatik, kasuaren arabera eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako prozedurari jarraikiz.
b) Alderdietako edozeinek ez betetzea kontratu honen oinarrizko baldintzaren bat eta berariaz aurreikusten duten guztiak.
c) BEZEROAK iruzur egiten duenean, behar ez bezala manipulatzen dituenean neurgailuak edo irregulartasunak direnean neurrietan, edo beste hornidura-puntu batera energia hornitzeko deribazioak ezartzen direnean.
Aurreko kasuetan, neurgailuetan bidegabe jarduteagatik kontsumo-fakturazioa helarazten bada, une bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da fakturazio hori.
d) Instalazioen eta/edo ekipamendu zuzentzaileen kontserbazio eskasa, baldin eta horren ondorioz instalazioek segurtasunerako arrisku larriak sortzen badituzte. Aurreko kasuetan, hornidura-puntu horretarako titulu zuzena duen kontsumitzaile batek kontratu berri bat formalizatzea eskatzen badu, automatikoki suntsiaraziko da aurreko kontratua.
Iruzur-kasuetan hornidura edo sarerako sarbide-kontratua eteteak kontratua automatikoki suntsiaraztea ahalbidetuko du, MERKATURATZAILEAK ordaintzeke dituen zenbatekoak kobratzeko duen eskubidearen kalterik gabe.
Aurreko kausak gorabehera, kontratua suntsiarazteko arrazoi izango dira honako hauek:
e) Ordu baliodunetan edo harreman-ordutegi arruntetan, ez uztea sartzen instalazioa neurtzeaz eta ikuskatzeaz arduratzen den enpresa banatzaileak baimendutako langileei transformazio-, neurketa- edo kontrol-instalazioak dauden lokaletan eta ez ematea horretarako justifikaziorik.
f) BEZEROAK zabarkeriaz jardutea neurketa- eta kontrol-ekipamenduak zaintzeari dagokionez, jabea edozein dela ere. BEZEROAREN zabarkeria ekipamendu zuzentzaileen instalazioari dagokionez, baldin eta sareari nahasmenduak eragiten badizkio eta, erakunde eskudunak horiek zuzentzeko ezarritako epea igaro ondoren, ez bada egin halakorik.
MERKATURATZAILEAK hornitzailez aldatzea eskatu ahal izango du erreferentziako merkaturatzailearen alde, indarrean dagoen araudiak aurreikusitako kasuetan eta bertan aurreikusitako betekizunen arabera.
13.3. 13.3 Alderdietako batek kontratua aurrez suntsiaraztea erabakitzen badu, BEZEROAK edo MERKATURATZAILEAK modu fede-emailean jakinaraziko dute erabaki hori, eta adieraziko dute zein egunetan nahi den horniduraren baja, hargatik eragotzi gabe BEZEROAK baja hartu aurreko elektrizitate-horniduragatik kontsumitutako energia eta fakturaren zain dagoen hornidurari egotz dakiokeen beste edozein kargu ordaintzeko betebeharra (amaierako likidazio-faktura).
13.4. BEZEROAK kontratu honen indarraldiko edozein unetan betetzen baditu kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa izateko baldintzak eta, kasuaren arabera, «bonu soziala» baliatzekoak, une horrexetatik aurrera aldatu ahal izango da erreferentziako merkaturatzaile batera tarifa horietakoren bat baliatu ahal izateko, indarrean dagoen legediak ez baitu baimentzen kontratu honetan aplikatzea. Kontratua arrazoi horrengatik suntsiarazten bada, BEZEROARI ez zaio aplikatuko inolako zigorrik, kosturik edo iraunkortasun-betebeharrik. Esteka honetan kontsulta daitezke bonu soziala eskatzeko baldintzak: https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2016-12267
13.5. BEZEROAK kontratua sinatu aurretik jasotzen badu «bonu soziala», MERKATURATZAILEAK horren berri izan bezain laster jakinaraziko dio BEZEROARI kontratua sinatzearen ondorioz ez dela aplikatzekoa izango bonu soziala. Informazio hori eskuratu ondotik BEZEROAK kontratua sinatu nahi badu, MERKATURATZAILEAK indarreko legedian aurreikusitako «bonu soziala aplikatzeari uko egitea» izeneko dokumentua bidaliko dio, eta BEZEROAK sinatuta bueltatu beharko dio, kontratua formalizatu ahal izateko.
14. DATU PERTSONALEN BABESA
MERKATURATZAILEAREN Zerbitzuak eskaintzeak berekin dakar BEZEROAREN datu pertsonalak tratatzea, eta Kontratu honetan eta pribatutasun-politikan zehazten denaren arabera tratatuko dira
Energía Colectiva S.L. sozietatea izango da tratamenduaren arduraduna (posta-helbidea: Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia eta IFZa B.98.670.003). Datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jartzeko, bidali mezu elektroniko bat [email protected] helbidera.
14.1. Kontratazioarekin eta zerbitzu-ematearekin lotuta tratatzen ditugun datuak helburu hauekin tratatuko dira:
a) Kontratu-harremana kudeatzeko
Helburu honetan sartzen dira kontratuaren kudeaketa, fakturazioa eta gure sailetako edozeinekin duen interakzioaren kudeaketa (bezeroarentzako arreta-zerbitzua, zerbitzu teknikoa edo erreklamazioak, kontratazioko aldaketak edo gorabeherak artatzeko kalitate-zerbitzua) . Harremanetarako datuak tratatuko ditugu, halaber, Bezeroari bere eremu pribaturako sarbidea gaitzeko; webgunetik eta aplikaziotik sar daiteke eremu pribatu horretara, eta Bezeroari aukera ematen dio bere fakturak ikusteko eta egindako kontsumoa kontsultatzeko.
Kontratu-harremana gauzatzea da datu horiek tratatzeko legitimazio-oinarria, eta kontratu-harremanak indarrean dirauen bitartean gordeko dira datuok; ordutik aurrera, blokeatuta edukiko ditugu, eta agintaritza polizialek eta judizialek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte, tratamendutik eratorritako legezko betebeharrak eta ardurak iraungi arte. Oro har, sei urtekoa izaten da epe hori, Kontratua amaitzen denetik, salbu eta ez badago erreklamazio administratibo edo judizialik; halakorik sortuko balitz, prozedura amaitu arte gordeko lirateke datuak.
b) Energia elektrikoa hornitzeko zerbitzua:
Helburu honen barruan sartzen dira energia elektrikoa hornitzeko beharrezkoak direnak eta hari dagozkionak, hala nola:
- Energia elektrikoko zerbitzuaren hornikuntza;
- Kontsumo-datuak eta haien erabilera erregistratzea, fakturatu ahal izateko; eta erreklamazio estrajudiziala eta judiziala, ez bada ordaintzen.
- Gorabehera teknikoak detektatzea, kudeatzea eta konpontzea eta erreklamazioak ebaztea.
Helburu horrekin tratamenduaren xede diren datu-kategorietan sartzen dira harremanetarako datuak, HPISak, HPKUak eta kontsumo-datuak.
Beste Merkaturatzaile batetik edo hartara aldatzeko eskatuz gero, zure identifikazio-datuak tratamenduaren xede izan daitezke. Kasu horretan, beharrezkoa da datu horiek ematea lurraldearen arabera dagokion energia-banatzaileari, zerbitzua eskaini ahal izateko. Une bakoitzean indarrean den legedian horretarako aurreikusten diren datuak trukatuko dira MERKATURATZAILEAREN eta Banatzailearen artean.
Kontratu-harremana gauzatzea eta, switcharen kasuan, kontratuaren aurreko neurriak hartzea da datu horiek tratatzeko legitimazio-oinarria, eta kontratu-harremanak indarrean dirauen bitartean gordeko dira datuok; ordutik aurrera, blokeatuta edukiko ditugu, eta agintaritza polizialek eta judizialek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte, tratamendutik eratorritako legezko betebeharrak eta ardurak iraungi arte. Oro har, sei urtekoa izaten da epe hori, Kontratua amaitzen denetik, salbu eta ez badago erreklamazio administratibo edo judizialik; halakorik sortuko balitz, prozedura amaitu arte gordeko lirateke datuak.
c) Kaudimena egiaztatzea
Jakinarazten dizugu, MERKATURATZAILEAREKIN kontratatu aurretik, kreditu-informazioko sistema komunetan (adibidez, BADEXGUG, ASNEF, Experian edo Equifax) kontsultatuko dugula zure kaudimena, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak aurreikusitakoaren arabera. Zure eskaera aztertzeko beste elementu bat da, eta, harekin batera, beste aldagai batzuk ere hartuko ditugu kontuan, hala nola sektorea, ea zorrik duzun gure taldeko beste enpresaren batekin edo iruzur-arriskua. Analisia negatiboa bada, gerta daiteke zure kontratazio-eskaera atzera botatzea, eta zuk, gero, zure kasua eskuz azter dadin eskatzeko eskubidea izango duzu.
MERKATURATZAILEAK kontratazio berriaren bideragarritasuna ebaluatzeko eta ez ordaintzeko arriskua murrizteko duen interes legitimoaren arabera egiten dugu. Datuen tratamendu hori. Informazio gehiago nahi baduzu gure interes legitimoari buruz, galdetu [email protected] helbidean.
Analisiaren emaitza (gai/ez gai gisa gordea), hiru hilabetez gordeko da, analisia egin zen egunetik zenbatzen hasita.
d) Zorra ez ordaintzearen datuak komunikatzea kaudimen-fitxategi komunetara
Betebehar ekonomikoei garaiz erantzun ezean, eta horren ondorioz zor ziurra, mugaeguneratua eta galdagarria sortzen bada, identifikazio-datuak eta ordaintzeke dagoen zorrari buruzkoak jakinaraziko zaizkie kreditu-informazioko sistema erkideez arduratzen diren erakundeei (esaterako, BADEXGUG, ASNEF, Experian edo Equifax). Horretarako, MERKATURATZAILEAREN interes legitimoa izango da legitimazio-oinarria, indarrean dagoen legeriak babestuta eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan kreditu-informazioko sistemei buruz ezarritako xedapenei jarraikiz. Si quiere información adicional sobre nuestro interés legítimo, por favor, consulte con [email protected].
Kreditu-informazioaren sistemaz arduratzen den erakundeak informatuko zaitu ezarritako eskubideak baliatzeko aukerari buruz sistemari zorra jakinarazi eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan, eta, epe horretan, blokeatuta egongo dira datuak.
e) Iruzurra prebenitzea
Kontratazioaren inguruan ematen dituzun datuen zehaztasuna egiaztatu ahal izango du MERKATURATZAILEAK CSV kodeen bidez, Zerga Agentziako informazioaren edo antzeko mekanismoen bidez, edo banku-erakunde jaulkitzaileari berrespena eskatuta. Energía Colectiva S.L.ren Taldeak iruzurra prebenitzeko dituen sistemak ere kontsultatu ahal izango dira.
Tratamendu horretarako, bere Bezeroa eta konpainia bera kontratazioko iruzurretik babestea da MERKATURATZAILEAREN legitimazio-oinarria. Testuinguru horretan, egiaztatzeko behar diren datuak bakarrik tratatuko ditu MERKATURATZAILEAK, eta iruzurra prebenitzeko beharrezkoak diren heinean bakarrik.
Informazio gehiago nahi baduzu gure interes legitimoari buruz, galdetu [email protected] helbidean.
14.3. Nori jakinarazten dizkiogu zure datuak?
Oro har, MERKATURATZAILEAK ez dizkie emango zure datuak hirugarrenei, switching-eskaerarik (merkaturatzailea aldatzeko eskaerarik) izan ezean. Kasu horretan, zure identifikazio-datuak eta HPKUa emango dizkiogu banatzaileari, baldin eta merkaturatzaile-aldaketa bat kudeatu behar bada, gure laguntza edo guk datuak ematea eskatzen duen lege-betebeharren bat edo baldin badago, edo MERKATURATZAILEAREN defentsarako eskubideak gauzatzeko beharrezkoa bada; adibidez, kontsumoko ikuskapenetan edo horretarako ahalmena duten eragileek informazioa eskatzen dutenean. Komunikazioaren xede diren datuak kontratazioan ematen diren datuak izan ohi dira; hau da, identifikazio-datuak, harremanetarako datuak eta ordainketarako datuak.
14.4. Nazioarteko transferentziak
Halaber, jakinarazten dizugu MERKATURATZAILEAK ez duela aurreikusten oro har bezeroen datu pertsonalen nazioarteko transferentziarik egitea.
14.5. Zenbat denboran gordeko ditugu zure datuak?
Oro har, kontrataziotik eratorritako datuak Bezeroarekiko kontratu-harremanak dirauen artean gordeko dira. Ordutik aurrera, blokeatuta edukiko ditugu, eta horretarako eskumena duten agenteek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte, tratamendutik eratorritako legezko betebeharrak eta ardurak iraungi arte. Oro har, sei urtekoa izaten da epe hori, Kontratua amaitzen denetik, salbu eta ez badago erreklamazio administratibo edo judizialik; halakorik sortuko balitz, ebazpena irmoa izan arte gordeko dira datuak.
Nolanahi ere, kontratu-harremana amaitu ondoren faktura inpugnatzearen ondoriozko auziak edo haiek kobratzea lortzeko auziak izango balira, auzi horien izapideek dirauten artean gorde ahal izango dira datuak, behin betiko ebazpena atera arte (data horretan, datuak blokeatu egingo dira, eta, gero, ezabatu); hala ere, datu horiek froga gisa baino ezingo dira erabili.
14.6. Zein dira zure eskubideak?
Jakinarazten dizugu ezen, datuak babesteko legedian aurreikusitakoarekin bat, eskubide hauek dituzula:
- Datuetara irispidea izateko eskubidea: Zer-nolako datuak tratatzen ditugun eta egiten ari garen datu-tratamenduak zer ezaugarri dituen jakiteko eskubidea.
- Datuak zuzentzeko eskubidea: Zure datuak aldatzeko eska dezakezu, okerrak izateagatik edo egiazkoak ez izateagatik.
- Eramangarritasun-eskubidea: Tratatzen ari garen datuen kopia bat eskuratu dezakezu, formatu elkarreragingarri batean.
- Tratamendua mugatzeko eskubidea duzu, legeak jasotako kasuetan.
- Datuak ezerezteko eskubidea: Zure datuak ezerezteko eska dezakezu tratamendua dagoeneko beharrezkoa ez denean.
- Datuak erabiltzeari aurka egiteko eskubidea: Jakinarazpen komertzialak bidaltzeari uzteko eskatzea, arestian aipatutako moduan.
- Emandako baimenak atzera botatzeko eskubidea
Eskubide horiek postaz gauzatu ditzakezu, Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia helbidera edo [email protected] helbidera idatzita: zer eskubide gauzatu nahi duzun adierazi beharko duzu, eta beharrezko dokumentazioa erantsi. Halaber, jakinarazten dizugu Datuak Babesteko Espainiako Agentziari Erreklamazio bat aurkezteko eskubidea ere baduzula.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren webgunean zure eskubideak gauzatzeko lagungarriak izango zaizkizun eredu batzuk dituzu.
Zalantzaren bat baduzu zure datu pertsonalen tratamenduaren inguruan, Datuak Babesteko gure Ordezkariarekin harremanetan jar zaitezke, [email protected] helbidera mezu elektroniko bat bidalita.
15. ERREKLAMAZIOAK, GATAZKAK KONPONTZEA, JURISDIKZIOA ETA INFORMAZIO INTERESGARRIA.
15.1. Baldintza orokor horietako edozein baliogabetzat edo ez-eraginkortzat jotzeak ez du izango eraginik gainerakoen baliozkotasunean edo eraginkortasunean, lotesle izaten jarraituko baitute alderdientzat. Kasu horretan, alderdiek konpromisoa hartzen dute eragindako klausula aldatzeko, eta, haren tokian, beste bat ipintzeko, fede onaren eta kontraprestazioen orekaren printzipioen arabera. Alderdietako edozeinek une jakin batean hemen ezarritako baldintza orokorretako edozein betetzea exijitzeari uko egiteak ez dakar uko-egite orokorrik, eta ez du sortuko eskubide eskuraturik beste alderdiarentzat.
15.2. MERKATURATZAILEAK BEZEROAREN eskura jartzen du erreklamazioak edo informazio-eskaerak idatziz aurkezteko aukera, https://www.pepeenergy.com webgunean etengabe eguneratutako kanalen bidez; hau da, “ATENCIÓN AL CLIENTE – RECLAMACIÓN” helbidera idatzita, Energía Colectiva S.L.ren bulegoetan (Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia), [email protected] helbidera mezu elektroniko bat bidalita, harremanetarako web-formularioaren bidez edo BEZERO-arretarako 900622800 doako telefonoaren bidez. Bost egun balioduneko epean erantzungo zaie 15 kW-eko potentzia baino txikiagoa kontratatzen duten erabiltzaileei, eta 15 eguneko epean gainerakoei. Ez bazaude konforme gorabeherari emaniko konponbidearekin,Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriora edo kontsumoaren eta industriaren edo energiaren arloan eskumena duen autonomia-erkidegoko administraziora jo ahal izango duzu. Halaber, Europako Zuzenbidean aurreikusitakoarekin bat etorriz, jakinarazten da Europako Batzordeak baduela auziak berrikusteko onlineko plataforma bat, esteka honetan eskuragarri: https://ec.europa.eu/consumers/odr.
15.3. Hornikuntza gauzatzen den tokiari edo bezeroaren bizilekuari dagozkien epaitegien edo auzitegien jurisdikzioaren eta eskumenaren mende geratzen dira bi alderdi kontratatzaileak (bezeroak aukeratu ahal izango du zein).
15.4. Kontratu honetan aurreikusitako guztiari dagokionez, aldeek Espainiako legeria aplikagarria bete beharko dute, eta, bereziki, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea eta hura garatzeko indarrean dagoen araudia.
15.5. Eraginkortasun energetikoari, mugikortasun jasangarriari, energiaren gida praktikoari eta etxetresna elektrikoen kontsumoa murrizteko balio dezaketen espezifikazio teknikoei buruzko informazioa nahi baduzu, hemen kontsultatu dezakezu:
a) Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua (IDAE): www.idae.es Madera, 8 – 28004 Madrid – Tel.: 913146673
b) CNMC: www.cnmc.es, Alcaláko egoitza: Alcalá 47 – 28014 Madrid – tel.: 914329600
16. AUTOKONTSUMOA
16.1. Indarrean dagoen araudiaren arabera, BEZEROAREN erantzukizuna da energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuan (aurrerantzean 244/2019 ED) eskatzen diren baldintzak betetzea, aukeratutako autokontsumorako modalitateari heldu ahal izateko. BEZEROAK adierazten du ezen, arauan ezarritako aginduei jarraikiz, bere autonomia-erkidegoko energia-gaietan eskumena duen organoari jakinarazi diola zein autokontsumo-mota aukeratu duen, eta, halaber, energia elektrikoaren autokontsumorako administrazio-erregistroan inskribatzeko behar den informazioa eman diola. BEZEROAK MERKATURATZAILEARI jakinarazi behar dio sorkuntza-instalazioaren ezaugarrietan, aukeratutako autokontsumo-modalitatean eta kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko konpentsazio-kontratuan zerbait aldatuz gero, edo kontratu honi edo eranskinei eragin diezaiekeen beste aldaketaren bat eginez gero horniduran edo sorkuntza-instalazioan zerbait aldatuz gero. Horrenbestez, jakinarazpen falta horrek MERKATURATZAILEARI edo hirugarrenei ondoriorik eraginez gero, bere gain hartuko du BEZEROAK.
17. ATZERA EGITEKO ESKUBIDEARI BURUZKO INFORMAZIOA
17.1. BEZEROAK eskubidea izango du kontratu honetan atzera egiteko, legez aurreikusitako baldintzetan. Atzera egiteko eskubidea baliatzeko, BEZEROAK zalantzarik gabeko adierazpen baten bidez jakinarazi beharko dio MERKATURATZAILEARI kontratuan atzera egiteko erabakia hartu duela. Horretarako, atxikitako formularioa datu pertsonalekin bete eta bezeroaren arreta sailera helarazi beharko du, dela posta elektronikoz, dela posta arruntez, eta ez da beharrezkoa izango justifikatzea. Hornidura-kontratu hau sinatzen den egunetik hamalau (14) egun naturalera amaituko da atzera egiteko epea.
17.2. Horretarako, atzera egiteko formularioa baliatu ahalko da (atxikita doa), eskatzen diren datuak beteta kontratua identifikatu ahal izateko. Edonola ere, ez da nahitaezkoa formulario hori erabiltzea, eta, haren tokian, beste edozein idazki baliokide baliatu ahalko da.
17.3. Hauxe da jakinarazpenak bidaltzeko helbidea: Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia, correo electrónico: [email protected]
17.4. Era berean, gure webgunearen bidez helaraz dezakezu elektronikoki atzera egiteko inprimakiaren eredua edo zalantzarik gabeko beste edozein adierazpen. Aukera horretara jotzen baduzu, atzerapenik gabe jakinaraziko dizugu jaso dugula atzera egiteko hori, adibidez, posta elektronikoz.
17.5. Nolanahi ere, BEZEROAK baimena ematen dio MERKATURATZAILEARI kontratu honen xede den hornidura lehen adierazitako atzera egiteko epean hasteko. Atzera egiteko epe horretan elektrizitatea kontsumituz gero, zerbitzua emandako zatiari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da; alegia, atzera egitea gauzatu artean kontsumiturikoa.
UKO EGITEKO FORMULARIOAREN EREDUA
14 egun naturaleko epean, zure kontratuari uko egiteko eskubidea duzu.
Inprimaki hau erabil dezakezu Energía Colectiva S.L.rekin (PEPEENERGY) duzun kontratuari uko egiteko. Ez da beharrezkoa inprimaki hori erabiltzea. Kontratua posta elektroniko bidez edo posta-gutun bidez identifikatuta eman diezagukezu zure erabakiaren berri.
Posta elektronikoa: [email protected]
Ohiko posta: Energía Colectiva S.L., Don Juan de Austria 28, 4. atea, 46002 Valentzia
Dokumentu honen bidez jakinarazten dut UKO EGITEN diodala __________________________________________________HPKU (CUPS) zenbakia duen argindar-hornidurako kontratuari
___________(e)ko ___________________aren _____(e)(a)n, eskatutakoa.
Bezeroaren izen-abizenak: _______________________________________
NANa/IFKa: ________________________
.
Helbidea: ____________________________________________________________
Udalerria: ____________________________________________________________
Probintzia: ______________________ Posta-kodea: ___________________
Eguna: ___________________________
Sinadura: